Naturaz gozatu

NATURAZ GOZATU

ERAZTUN BERDEA

Gasteizko parkeak eta kanpoaldeko gune berdeak (Armentia, Olarizu, Zabalgana, Las Neveras, Salburua eta Zadorra) komunikatzen dituen eraztuna,  1990 hamarkadan sortutakoa. 833 hektarea ditu gutxi gorabehera eta ibilbidea 33 kilometrokoa da. Plan bikaina da bizikletarekin egiteko, eta naturan egun bat pasatzeko.

SALBURUA

Salburua hainbat aintziraz osatutako hezegune bat da, belar eremu txiki batekin batera. Duela hainbat mende lehortu zen eremua eta 1994an hasitako berreskuratze lanek egoera horri buelta eman diote. Gaur egun Euskal Herriko barnealdeko hezegunerik baliotsuenetako bat da. Salburua ibiliz ikusi daiteke, baina Ataria Interpretazio Zentroak eta bi hegazti behatokiek tokiko aberastasun naturala ezagutzen laguntzen dute.

Atariako behatokia

GASTEIZKO MENDIAK: OLARIZU ETA ESKIBEL

Gasteizko mendiak Burgos eta Araba probintzien artean kokatuta dagoen mendilerroa da, Gasteiz eta Trebiñu artean dagoena. Bertako landaredia, batez ere, erkametzek, pagadiek eta artadiek osatzen dute. Mendi garrantzitsuenak Olarizu eta Eskibel dira. 

Olarizu Gasteizko behatokirik onena da. Urtero bertako zelaietan erromeria herrikoia egiten da, gurutzera igotzeko. Erromeria honekin udako zikloa ixten da eta uztarengatik eskerrak emateko nekazari erritua betetzen da. Irailaren 8an egiten da.

Beste mendia Eskibelgo Atxa da. Karlistaldietan funtzionatzen zuen telegrafo optiko bat gordetzen zuen defentsa-dorre bat zen, hiru solairu eta almenaz egindako teilatua zuena. Atea 2. solairuan zegoen eta zurezko eskailera eramangarri batetik sartzen zen. Mende hasierako argazkiak daude eta bertan egoera onean agertzen da.

Bi mendietara joateko nahikoa da eraztun berdera abiatzera, eta bertatik dagokion seinaleak errespetatzea. Bide erraza da, familiarekin edota bakarrik eguna pasatzeko.

 

Olarizu mendia

Eskibelgo Atxa

ARABAKO MENDIAK: GORBEIA, ARATZ ETA TOLOÑO

Gorbeia, Arabako mendirik altuena da (1.482 metro)  eta Euskadiko hiru handietako bat da. 

Igotzeko: Hegoaldetik —Arabatik— tontorreraino igotzeko abiapuntu ohikoak dira Zarate (2 ordu eta 30 minutu), Muruako harrobiak (2 ordu eta 10 minutu), Murua (2 ordu eta 45 minutu), Sarria (2 ordu eta 50 minutu), Altube (4 ordu) eta Baranbio (4 ordu eta 30 minutu). 

Aratz (1.443 metro) Aguraingo Kuadrillan (Araba) dagoen mendia da, Goierri (Gipuzkoa) eta Sakanako (Nafarroa) mugetatik hurbil dagoena. Hegoaldean Araia (Asparrena) eta iparraldean Zegama udalerriak ditu. 

Igotzeko: Araiatik: 2 ordu, 822 metroko desnibela eta Otzaurteko mendatetik: 2 ordu eta 30 minutu, 772 m.

Toloño (1.277 m) bere mendilerroari izena ematen dion Arabako mendia da, ia Errioxako mugan.  Denek Toloño izenez ezagutzen duten arren, Mapa Topografiko Nazionalak Peña del Agujero deitzen dio.   

Igotzeko:  Bastida, Gatzaga Buradon, Urizaharra eta Berganzo. Rivas de Teresotik abiatzen den bide bat ere badago.

Mendi hauek aurrekoak baino gogorragoak eta nekatuagoak dira. Gomendagarria da janari eta edari nahikoa eramatea eta egun osoa pasatzeko jarrera izatea. 

 

 

Gorbeia mendia

Aratz mendia

Toloño mendia